“Euskera elkartasunean, elkarbizitzan, alaitasunean. Laboaren txoria bezala, askatasunean”. Hauek dira iazko abenduaren 3an, Arabako Gazte Sozialistok arabar gazteriari Euskeraren Eguna ospatzera deitzeko zuzendu genizkion azken hitzak. Eta horiek dira aurten zuzentzen dizkiogun lehenengoak.
Egun honetan, ohikoa da erakundeetan eta komunikabideetan, gizartean orora, euskaldunon altxorrik preziatuena denaren egoeraren inguruko galdeketak eta hausnarketak aurkitzea. Gobernuak eta erakundeek bideratzen dituzten hizkuntza politikak zuzenak ba ote diren, euskeraren normalizazio prozesuak prozesu izateari utzi eta hizkuntzaren normalizazioari buruz hitz egiterik izango ba ote dugun noizbait.
Hona hemen gure hausnarketa. Euskera 21 bilgunearen inguruan lortutako adostasunak euskera alderdien arteko lehiatik aldentzen zuela bazirudien ere, Alderdi Sozialista Eusko Jaurlaritzan hasi denetik, euskal kulturarekiko lehentasuna eta esklusibitatea dutela sinesten duten horiek eszenatokira bueltatu dira, sutsu. Euskera ideologizaziorako tresna gisa erabiltzen duten horiek ez dute alde batera utzi euskeraren erabilera politikoa. Euskal Gobernuak azken asteetan EAJren buruen partez entzun behar izan dituenak, euskeraren inguruan aspaldian entzundako hitz zatarrenak izan dira. Ez da, gaurkoa, honen eta bestearen politikak aztertzeko eguna, euskeraren jaia ospatzekoa baizik. Hala eta guztiz ere, komenigarria da euskeraren ongizatea guztion lana dela gogoratzea. Gobernuan zein oposizioan egon, abertzale izan edo ez, euskaldun guztion erronka. Sozialistok, abertzaleak ez izateagatik euskal kulturarekiko atxekimendua demostratzeko beharra dugula uste dute askok oraindik. Ez hori bakarrik, batzuek sozialistok “euskera gorrotatzen” dugula esan dute.
Ez dirudi hauek euskeraren normalizazioan aurrera egiteko ekarpen erabilgarriak direnik. Irain horiek Jaurlaritzak egoera ekonomikoak behartuta Hizkuntza Politikara zuzendutako aurrekontuetan %3ko murrizketak egongo direla adierazi zuenean agertu ziren. Aipatzekoa da, era berean, EAJ gobernatzen dituen Foru Aldundiek (hiru lurraldeetakoek) %18eta %27 arteko murrizketak egin dituztela haien aurrekontuetan.
Baina gure kezkak ez lirateke hauek izan behar. Euskera politikak bideratzerakoan adostasuna lortzea baizik. Euskal kultura zaintzen ari gara. Euskaldun guztiok hartutako konpromesua da hau. Nekagarria eta negargarria da euskeraren inguruan bizi dugun etengabeko liskarra.
Goazen ba, behingoz, euskal aniztasuna onartzera. Euskera, euskaldun guztion ondarea dela onartzera.
Abenduaren 3a, Euskeraren Eguna, euskaldun guztion eguna.